XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZARAUTZ

Koadrilek beren eguna ospatuko dute bihar

Gazteek egindako bideoa erakutsiko da gaur gauean frontoian.

Xole ARAMENDI

Giro onean ari da burutzen Koadrilen Astea eta indarrez datoz azken txanpa hau ospatzera.

Gaur arratsaldeko 8etatik aurrera gaztelu puzgarriak, futbolinak eta malabarak jarriko dira Zinema Pilotalekuan eta gaueko 11etan gazte talde batek eginiko bideoaren proiekzioa iragartzen da.

Ezkutuko kamara erabili dute eta herriko jendea aterako da eta baita gazteek prestaturiko egoera desberdinak ere, azaltzen dute.

Bihar, berriz, goizeko 9.30ean txupinazoa izango da Musika Plazan eta 10etan Vista Alegre auzoan goitibehera proba egingo da 15 talderen artean.

Goizean zehar, berriz, murala egingo dute Trinidade Plazan, iazkoa ia borraturik baitago.

Guztiek partehartzea da helburua eta gauza bera nahi dute eguerdian koadrilen artean egingo diren jokoekin.

Ondoren bazkaltzera bilduko dira Zinema pilotalekuan 450 gazte.

Bazkalondoan jolasak eta sorpresak iragartzen dituzte.

Frontoitik Musika Plazara kalejiran joango dira 7etan eta Tirritarra txarangaren laguntzarekin 8etan kirol lehiaketetako sari banaketa egingo da.

Gaueko 11etan Basakabi taldearekin dantzaldia egingo da Musika Plazan eta goizaldeko 3etan koadrilak bildu eta hondartzara abiatuko dira maskota erretzera.

Aurtengoan hobeto zaindu beharko dute maskota, iaz umeek dena txikitu baitzuten Musika Plazan zegoen bitartean.

Azkenik, goizaldeko 4etan bokata jatea prestatu dute Duke atzean.

Orain arte egindakoari dagokionez, balantzea desberdina da ekitaldien arabera.

Kirol lehiaketetan partehartzea ona izan da, batez ere futbitoan, eta igandeko mus txapelketan 45 bikotetik gora aritu ziren.

Erantzuna

Astean zehar burutu diren filme proiekzio eta hitzaldietan, aldiz, ez da gazte askorik mugitu.

Jendea ez da animatzen eta Abiadura Handiko Trenaren inguruan antolatu genuenean hamabi pertsona bildu ginen.

Saiatzen gara gai interesgarriak aukeratu eta pertsona adituak ekartzen, baina ez da herritar askorik biltzen.

Hala ere, debaterik sortu zen asteartean, diote Gazte Asanbladakoek.

Gazteek aurkeztutako egitarau osoa burutu ahal izango dute, Udalak ez baitu inolako arazorik jarri.

Turismo Bulegoko arduradun eta bi zinegotzirekin bildu ginen eta onartu egin zen gure proposamena.

Pena izan da futbolin erraldoia Zinema pilotalekuan ezin egin izana, ez baita ondo sartzen.